Gasteiz % 40ra iritsi da hondakinen gaikako bilketaren tasan
- Arabako hiriburuko datuak Espainiako batezbestekoa baino 14 puntu handiagoak dira
- “Borondatezko birziklatze-sistema aukeratzen duten udalerrien zerrendan buru jartzen gaitu tasa horrek”, adierazi du Pascual Borjak
Arabako hiriburua % 40ra iritsi da hondakinen gaikako bilketa-tasan, Hondakinen Foru Behatokian jasotako 2024ko Hiri Hondakinen Inbentarioak argitaratutako azken datuen arabera.
“Behatoki horren balorazio teknikoa aurrerapauso esanguratsua da, eta, gaur egun dugun bilketa-ereduarekin, Espainiako lehen postuan gaude edukiontzi irekien bidezko borondatezko birziklatze-sistema aukeratzen duten udalerrien zerrendan”, azaldu du Pascual Borja Ingurumen Kudeaketaren zinegotziak.
Gaikako bilketari buruzko Vitoria-Gasteizko datuak Espainiako batezbestekoa (% 26) baino 14 puntu handiagoak dira, azken txostenaren arabera.
Dokumentuaren diagnostikoak islatzen du Arabako hiriburuan beira-bilketa hondakinei buruzko 7/2022 Legeak ezarritako betetze mailetan dagoela. Paperaren, kartoiaren eta ontzien bilketei dagokienez, helburu horietatik oso hurbil daude, eta aurrera egiten jarraitu behar da organikoaren bilketan.
Gasteizi gaikako bilketaren % 40ko kota hori lortzea ahalbidetzen dion datu sortaren artean, materia organiko selektiboaren bilketan izandako % 10 inguruko igoera dago. “Materia organikoaren dentsitatea kontuan hartuta, % 10eko igoera hondakin tona askoren baliokidea da. Oso datu garrantzitsua da, eta benetako kalitate-jauzia ekarri du”, zehaztu du Borjak.
Inausketa-hondakinen gaikako bilketari dagokionez, igoera % 20koa izan da, eta edukiontzi urdinean utzitako papera eta kartoiaren kasuan, aldiz, % 16koa.
Igoera-joera berari eutsi zaio tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen bilketari dagokionez, % 11 igo baita. Azkenik, aipagarria da, udal-zabortegiaren erabilera (azken helmuga gisa) gutxitu egin dela, eta azken hamar urteotan pilatutako beherakada % 18koa izan dela.