Euskadiko Klima Narratiben Behatokia sortu da eta Udala bertako partaidea da
- Gasteizek herritarren zientziari buruzko ekimen aitzindari honetan parte hartuko du
Vitoria-Gasteizek Euskadiko Klima Narratiben Behatokiaren aurkezpen-ekitaldian parte hartu du. Ekitaldia gaur goizean egin da Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioaren, NaturKlimaren, egoitzan, Donostian.
Bla Bla Labek eta komunikazio klimatikorako Espainiako Think Tankek bultzatutako plataforma horren helburua da herritarrek klima-komunikazioaz nola hitz egiten duen eta zer sentitzen eta pentsatzen duen entzutea, mapatzea eta ikusaraztea. Behatokiaren bidez, Euskadik herritarren iritzia entzutearekin eta haien parte-hartzea bultzatzearekin duen konpromisoa berretsi du, eta Klima Komunikazioan lurralde aitzindari gisa kokatu da.
Ekitaldian izan dira Ane Itziar Velasco, Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurumen Gaietarako Ikastegiko (IGI) Azpiegitura Berdea arloko burua; María José Madeira, Arabako Foru Aldundiko Natura Inguruneko zuzendaria; Josu Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea; eta Fernando Andrés, Bla Bla Labeko zuzendaria.
Velascok azpimarratu duenez, “ebidentzia zientifikoak eta behar adinako araudi-esparrua ditugu. Orain, ekintza klimatikoarekin lotutako gure erronka hori ezartzea da. Eta, horretarako, bi baldintza lortu behar ditugu: epe luzerako finantzaketa egonkorra eta maila eta eragile anitzeko jarduera esparrua”.
Beste lurralde batzuetako ordezkariei dagokienez, bertan izan dira Álex Peláez, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendaria; José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko diputatua; Víctor Trimino, Bilboko Udaleko Jasangarritasuneko zuzendaria; eta Iñigo García, Donostiako Udaleko Aniztasun, Inklusio eta Ingurumeneko zinegotzia.
Behatokiari buruz
Euskadiko Klima Narratiben Behatokia zientzia eta herritarren partaidetzarako ekimena da, eta adimen kolektiboa, komunikazio klimatikoa eta narratiben azterketa konbinatzen ditu euskal lurraldean klima-narratibak mapatu eta handitzeko, eta Europar Batasunaren laguntza jaso du IMPETUS proiektuaren bidez.
Ikusezina dena ikusarazteko asmoz sortu da: Euskadin bizi diren pertsonen trantsizio ekosoziala zeharkatzen duten ahotsak, emozioak eta esparru sozialak. Herritarren eta haien ordezkari eta erakundeen arteko zubi-lana ere egiten du: erabakiak hartzeko zeregina duten eragileei narratiba klimatikoak helarazten dizkie, politika publikoak diseinatzen, narratiba eraldatzaileak elkarrekin sortzen eta mobilizazio inklusiboagoa eta eraginkorragoa egiten laguntzeko.
Eusko Jaurlaritzak, udalek eta aldundiek ikuspegi estrategikoa eta egitura logistikoa eman diote proiektuari, eta, gainera, lurraldearekiko zubi-lana egiten dute. Ekimenaren bultzatzaile gisa, Behatokia beste eragile batzuekin artikulatzea erraztu dute eta ekimenaren kapilaritatea sustatu dute, herritarrei helarazteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuek eta aldundiek Euskadiko Klima Narratiben Behatokiarekin lotutako jarduerak sustatuko dituzte herritarrentzako gune irekietan, hala nola gizarte-etxeetan edo liburutegietan. Ildo horretan, Gasteizen publikoari irekitako lantegia egingo da datorren azaroaren 6an.

