Europa Jauregian entzumen- eta ikusmen-alarmako sistema jarriko dute, dibertsitate funtzional sentsoriala duten pertsonen segurtasuna hobetzeko
- Gailu horri esker, ikusizko edo idatzizko seinaleak interpretatzeko zailtasunak dituztenek larrialdi-egoeretan azkar ebakuatu ahal izango dute tokia
Tokiko Gobernu Batzordeak Europa Biltzar Jauregian megafonia, ikusizko seinale edo ahots bidezko abisuak ematen dituen sistema berria instalatzeko lanak esleitu ditu, larrialdi-egoeretan dibertsitate funtzional sentsoriala duten pertsonen inklusioa hobetzeko.
Sistema hori gehituta, Biltzar Jauregiko instalazioen segurtasuna hobetu eta indartuko da, baita egiten diren ekitaldi ugarietara joaten diren pertsonena ere.
“Barrutiko espazioetan, larrialdi-egoeretan megafonia bidezko abisuak eta ikusizko seinaleak igortzeko sistema jarriko dute. Argi estroboskopikoa duten gailu optikoak izango dira, eta suteak detektatzeko instalazioari, alarmari eta alertari lotuta egongo dira, ikusizko edo idatzizko seinaleak interpretatzeko zailtasunak dituztenentzat, sistema inklusiboagoa eta ulergarriagoa eskainiz”, azaldu du Borja Rodríguez Hiri Ereduaren eta Hirigintzaren zinegotziak.
Kontratua Extinvit enpresari esleitu zaio, 236.553,92 eurogatik (BEZa barne). Enpresak eskaintza bat aurkeztu du, lizitazioaren prezioa % 2,20 jaitsiz, eta 17 asteko gauzatze-epea izango du.
Ahots bidezko alarma-sistema Francisco de Vitoria aretoan edo Prado, Florida, Aiala, Salburua eta Zabalgana aretoetan ezarriko da, besteak beste. Elektronikoki biltegiratutako edo gainbegirale batek zuzenean igorritako mezu batzuk erabiltzen ditu sistemak, larrialdietan, suteetan edo bestelako gorabeheretan alarma igortzeko.
Mezuek argiak eta zehatzak, eta 30 segundotik beherakoak izan behar dute. Igorri aurretik, seinale akustiko bat egingo da, bertan daudenen arreta erakartzeko.
Soinu-presioaren maila 65 dezibeliotik gorakoa izango da, eta giro-zarataren gainetik, 5 eta 20 dezibelio artean egon beharko du. Pleguak zehazten duenez, audio-kalitate handia izan behar dute, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez, gutxienez.
Argiztapen estroboskopikoa biltzar-jauregi osoan ezarriko da, espazio zabal eta gardenetan kontsumo desberdineko bi gailu optikorekin, aldizkako distira laburrak eginez ebakuazio-guneetara zuzentzeko.
Horrelako instalazioak funtsezkoak dira jende asko biltzen den guneetan, hala nola Europa Jauregian. Eraikingintzaren Kode Teknikoak (EKT), gainera, 500 lagunetik gorako edukiera duten eraikinetan ahots bidezko larrialdi-sistema izateko betebeharra zehazten du.
Europa Jauregiaren segurtasunaren hobekuntza hori Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsen finantzaketa jaso du. Gainera, Gasteizko Turismoguneko Jasangarritasun Turistikoko Planaren barruan sartuta dago.