Etxebarriaren Gobernuak positibotzat jo du 2026ko ordenantza fiskalak onartzeko lortutako akordioa
- Udal Gobernuak eta EH Bilduk % 2,5eko eguneratze orokorra hitzartu dute
Beatriz Artolazabalen adierazpenak
Udal-gobernuak positibotzat jo du datorren urteko ordenantza fiskalak onartzeko EH Bildurekin adostutako akordioa. Itun horren arabera, zerga, prezio publiko eta tasetan % 2,5eko eguneratze orokorra finkatuko da (zaborren tasan barne).
Maider Etxebarria alkateak eta Beatriz Artolazabal lehen alkateordeak nabarmendu dute legegintzaldiko bigarren akordio fiskal honek egonkortasuna ekarriko diela udaleko diru-kutxei, eta zerbitzu publikoen prestazioa eta kalitatea bermatuko dituela.
Alkateak “itun horren balio politiko eta soziala” azpimarratu du. “Konfrontazioa titular gehienen gai nagusia den garaiotan, agerian geratu da elkarrizketa eta adostasuna direla hiria eraikitzeko tresnarik onenak. Gobernu gisa, adostasunak bilatzeko eta gure arteko aldeak gainditzeko betebeharra genuen, eta lortu dugu”.
Ildo horretan, Maider Etxebarriak azpimarratu du akordio horrekin udal-gobernuak berriro erakutsi duela “politika erabilgarria, hiriaren interesak aurretik jartzen dituena, posible dela; izan ere, desberdinak direnen arteko elkarrizketa desiragarria izateaz gain, beharrezkoa ere bada aurrera egiten jarraitzeko; eta erantzukizun partekatua da Gasteiz hobetzeko oinarria”.
Bestalde, Beatriz Artolazabal alkateorde eta EAJko bozeramaileak nabarmendu duenez, akordioa “albiste ona da, egonkortasun instituzionala indartzen duelako eta udal-zerbitzuak herritarrek espero duten kalitate mailarekin mantendu ahal izatea bermatzen duelako. Zergak eguneratu behar ziren, pertsonen ongizatea eta udalaren iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko, eta proposamen orekatu eta zentzuzko batekin egin dugu”.
Artolazabalek azpimarratu du bi aldeek elkarrizketarako erakutsi duten borondatearen emaitza dela akordioa. “Erantzukizunaren eta hiri-zentzuaren adibide garbia da hau. Elkar ulertzen eta amore ematen jakin dugu, gure siglen gainetik dagoen interesaren mesedetan. Herritarrek akordioak eskatzen dizkigute, ez liskarrak; konponbideak, ez blokeoak. Eta horixe bera egin dugu gaur”, esan du amaitzeko. “Akordio honek erakusten du elkarrizketak eta elkar ulertzeko borondateak emaitzak ematen dituztela. Erantzukizunez jokatzen denean eta guztion onura lehenesten denean, hiriak beti irabazten du”.
Onartzeko osoko bilkura
Datorren ostiralean, ordenantza fiskalak osoko bilkuran onartzeko aurkeztuko dituzte eta, hala, 2026ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko lirateke. Baina horren aurretik, bihar, asteazkenean, Ogasun Batzordeak oposizioko talde politikoek aurkeztutako 140 zuzenketen eta Gobernuak erregistratutako 3 zuzenketa teknikoen eztabaida hartuko du.