Espainiako Gobernuak onartu egin du Aranako Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroko plaza kopurua gutxitzeko alkateak egindako proposamena
- Gehienez 200 pertsona hartuko ditu, hasieran aurreikusitako 350 pertsona beharrean
- Auzotarrek zenbait bulego erabili ahal izango dituzte, eta erakundeen arteko koordinazioa egongo da
- Maider Etxebarriak eskerrak eman dizkio Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari “erakutsitako prestutasunagatik eta konpromisoagatik”
Maider Etxebarria alkateak gaur iragarri duenez, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak onartu egin ditu Aranako Nazioarteko Babeserako Harrera Zentroa hobetzeko Udalak egindako proposamenak. Proposamen haiek alkateak berak bideratu zizkion Elma Saiz ministroari irailean Madrilen egindako bileran.
Adostutako hobekuntzek zentroa pixkanaka irekitzeari egiten diote erreferentzia. Zentroak, azkenean, gehienez 200 plaza izango ditu (hasiera batean aurrez ikusitako kopurua 350 plazakoa zen) eta auzotarrek zenbait gela modu partekatuan erabili ahal izango dituzte. Gainera, erakunde eskumendunekin batera lanak koordinatzeko konpromisoa hartu dute: Vitoria-Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Era berean, familia-guneen harrera lehenesten saiatuko dira, haurrei arreta berezia eskainiz.
Alkateak adierazi duenez, “urrats oso garrantzitsua da, elkarrizketa eta lankidetza instituzionalaren emaitza. Horri esker, baliabide hori gure hiriaren errealitatera eta beharretara egokitu ahal izango dugu, eta, aldi berean, errefuxiatuen integrazio hobea bermatu”.
Etxebarria pozik agertu da Ministerioak emandako erantzuna dela eta. Horrez gain, Ministerioaren “prestutasun eta konpromisoagatik” eskerrak eman ditu. Bestalde, nabarmendu du proiektuaren helburua dela “bizitokia, arreta, laguntza eta duintasuna eskaintzea asilo eske edo errefuxiatuta datozen eta, horrenbestez, zaurgarriak diren pertsona eta familiei beren bizitzak berreraikitzen laguntzeko.
Ildo horretan, alkateak gogorarazi du “Gasteizen ezaugarriak beti izan direla elkartasuna eta harrera balioak. Halaxe erakutsi dugu azkenaldiko gure historian zehar, eta proiektu honek nortasun hori indartzen du”.



