Erabakiak hartzeko garaian emakumeen parte-hartzea handitzeko erronkak izan dira Gobernu Irekiaren Goi Bileran gaurko udalen parte-hartzearen ardatza
- Administrazio publikoetan, politikagintzan eta gizarte zibilean emakumeek duten lidergoa aztertu da
Vitoria-Gasteizko Udalak aste honetan Europa Jauregian egingo den Gobernu Irekirako Aliantzaren Goi Bilera Globalaren baitan egindako saioetan parte hartu eta horietako bat bideratu du. Zehazki, “Emakumeak eta lidergoa” saioa zuzendu du. Erabakiak hartzeko prozesuan emakumeen parte-hartzea areagotzeko erronkak aztertzea zen helburua, bai administrazio publikoetan eta politikagintzan, bai gizarte zibilean.
Panelean Pilar Moreno Sektore Publikoko Emakumeak elkarteko kideak, Natividad López de Munain Basqueskolaren ordezkariak eta Ana López de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak beren esperientziak azaldu dituzte. Ondorioak Miren Fernández de Landak Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak, atera ditu.
Udaleko Berdintasun Zerbitzuari dagokionez, Ana López de Uralde zinegotziak adierazi duenez, “hogei urte baino gehiago hauetan, ikasi dugu berdintasuna ez dela borondate politikoarekin bakarrik lortzen. Hori beharrean, egitura egonkorrak, plangintza zorrotza eta benetako partaidetza ere behar dira. Gasteizko esperientziak erakusten du tokiko gobernua aldaketaren eragilea izan daitekeela”.
Ondorioak ateratzerakoan, Miren Fernández de Landak adierazi du gaur landutako hiru esparruetan (instituzionala, politikoa eta gizarte zibila) lau jarduera ildo komun daudela: kontzientziazioa, sentsibilizazioa, prestakuntza eta ahalduntzea.
Kontzientziazioari dagokionez, parte-hartzaileek ondorioztatu dute emakumeek sektore publikoan duten zeregina agerian utzi behar dela, emakumeek politikan izan beharreko parte-hartzearen garrantziari buruzko kontzientzia kritikoa garatu behar dela, eta, jakina, emakumeek gizartean oro har betetzen duten rolean eragin behar dela.
Sentsibilizazioa ezinbesteko tresna da; izan ere, sektore publikoan, adibidez, erantzukizuneko postuen % 30 baino ez dituzte betetzen emakumeek. Horretarako, ezinbestekoa da bizitza politikoan berdintasunez parte hartzea eta bizitzako esparru eta une guztietan berdintasun eraginkorra lortzea eragozten duten oztopoak desagerraraztea.
Sektore publikoan emakumeen egoera hobetzen lagunduko duten ikerketak eta proiektuak sustatuz eragin daiteke prestakuntzan. Bestalde, garrantzitsua da aukera-berdintasuna lortzea helburu duten politikak ezagutzea eta aztertzea, eta beste erakunde batzuekin laguntza- eta aliantza-sareak ezartzeko tresnak eskuratzea.
Azkenik, lantaldeak ondorioztatu du ahalduntzean aurrera egin daitekeela, sektore publikoan gaur egungoarekiko ezberdina den lidergo-eredua agertzea bultzatuko duten espazioak sortuz. Horrek bidea irekitzea ahalbidetuko luke belaunaldi berriek sektore publikoan parte har dezaten eta horretarako erreferenteak izan ditzaten.
Laburbilduz, Fernández de Landak adierazi duenez, “emakume gisa bizi dugun egoeraz jabetu behar dugu, gizartea aurrean ditugun erronken inguruan sentsibilizatzeko, eta prestakuntzak gure ahalduntzea ekar dezan. Helburua duela urte asko beste emakume batzuek hasitako bideari jarraitzea da, emakumeen eta gizonen berdintasun osoan eta eraginkorrean aurrera egiten jarraitzeko”.