‘El peor espectáculo del mundo (de momento)’ antzezlanak aretoko bertsioa estreinatuko du ostegunean Jesus Ibañez de Matauco antzokian
- Zanguango Teatro Arabako konpainiaren biopic komikoa eta Kaldearten kalean estreinatu zuten
Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, ostegun honetan, 19:30ean, Jesus Ibañez de Matauco antzokiak‘El peor espectáculo del mundo (de momento)’ antzezlana jasoko du. Zanguango Teatro konpainiaren ikuskizun hori kalean estreinatu zuten Kaldearten, baina aretorako bertsioa Vitoria-Gasteizko Udalaren Antzoki Sarean taularatuko da lehen aldiz.
Ikusleek biopic horrekin gozatzeko aukera izango dute. Protagonista “auzoko heroia da, munduan denetik dagoelako, bera ere bertan bizi den eta ezinbestekoa ez den tipo bat da”, azaldu du Zanguangok. “Entzutetsu bihurtu nahi duten, baina, azkenean, untxien pare, sastraka batetik bestera ibiltzen diren eta arrastorik uzten ez dutenei, eta, atzera begiratzean, eskopetekiko beldurra baino ikusten ez dutenei” buruzko antzezlan komikoa da.
Antzezpenaren ondoren, topaketa egingo da Miguel Muñoz zuzendari eta egilekidea buru duen talde artistikoarekin. Txubio Fernandez de Jáuregui da talde horretako antzezlea eta egilekidea. Beñat Fontaneda bideo eta argazkigintzako arduradunak, Carlos Pérez eszenografoak, Bingen Mendizabal musika-aholkulariak, Marc Canou soinu-edizioaren arduradunak eta Ainhoa Alberdi Butoh dantza-irakasleak osatzen dute taldea.
Zanguango Teatro
Zanguango Teatro konpainiak kaleko eta aretoko ikuskizunak ekoizten ditu. “1993an Araban sortutako konpainia da, artistikoki sendoenetako bat. Herrialde askotan egin ditu birak eta sari eta izendapen ugari eskuratu ditu. Oso lan berezia egiten du”, azaldu du Sonia Diazek.
Zehazki, sorkuntza kolektiboko tekniketan oinarritzen dira, arlo fisikoa, mugimendua, espazioa eta erritmoa ekintza dramatikoaren ardatz gisa erabilita. Giza portaera bere alderdi guztietan jorratzen dute, egoera ohikoenen eta ezagunenen alde magikoa, nahasgarria eta dibertigarria bilatuz. Umorearen aldeko apustua egiten dute, eta umore kritikoa, korrosiboa, arlo sozialarekin, politikoarekin, gizatiarrarekin konprometitua taularatzen dute, tragedian, poesian, ironian eta absurdoan oinarritzen dena, gure patetikotasunaz barre egitera bultzatzeko.