Udalak eta Arabako Medikuen Elkargoak ‘Bihotz Araba – Bihotzaren Hamabostaldiaren’ IX. edizioa antolatu dute
- Prestakuntza-programa honek ia 160 pertsonari irakatsiko die BBB maniobrak egiten, arnasbideetako buxadurak kentzen eta desfibriladoreak erabiltzen, helduen, haurren eta bularreko haurren biziraupen-katea lehenbailehen aktibatzeko
- Urriaren 21etik 31ra egingo diren doako hamar ikastaroetarako izena emateko epea zabalik dago
Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako medikuen Elkargo Ofizialak `BihotzAraba-Bihotzaren hamabostaldia’ ekimenaren IX. edizioa jarri dute abian, eta bihotz-biriketako bizkortzearen (BBB) eta aire-bideen buxaduraren oinarrizko maniobrei buruzko prestakuntza-programa berri bat eskainiko dute. Doako hamar ikastaro eskainiko dituzte eta 16 urtetik gorako 160 pertsonak jaso ahal izango dute prestakuntza. Tailerrak urriaren 21etik (asteartea) 31ra (ostirala) bitartean egingo dira eta izena emateko epea zabalik dago.
Ikastaroak doakoak dira eta 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta daude. Hiru orduko iraupena izango dute eta goizez edo arratsaldez egingo dituzte Arabako Medikuen Elkargoaren egoitzan (ICOMA). Zati teorikoa eta praktikoa izango dituzte saioek, eta norberak erabiltzeko manikiak eta erakusteko desfibriladoreak erabiliko dituzte.
Ana López de Uralde Osasuneko zinegotziak azaldu duenez, “tailer horien helburua da herritarrak gaitzea bizi-arriskuko egoerak identifikatzeko, biziraupen-katea azkar aktibatzeko eta pertsona helduak, haurrak eta bularreko haurrak bizkortzeko oinarrizko maniobrak aplikatzeko”. Era berean, “Gasteizko Udalak kardiobabesarekiko duen konpromiso irmoa” azpimarratu du. Era berean, gogorarazi nahi izan du “Udalaren webgunean zenbait bideo” daudela ikusgai. “Bideo horietan, profesional medikoek bihotz-biriketako geldialdietan jarduteko BBB maniobra-metodoa nola egin, eztarria trabatuz nola jokatu eta desfibriladore bat zuzen nola erabili azaltzen dute”.
Arabako Medikuen Elkargoak gogorarazi du urtero 30.000 pertsona hiltzen direla bihotz-biriketako geldialdiagatik Espainian, eta hamar geldialdi horietatik sei osasun-zentroetatik kanpo gertatzen direla, normalean biktimen etxean. Hala ere, hamar pertsonatik hiruk bakarrik jakingo luke BBB bat egiten bihotzeko istripua izanez gero. Bihotz-biriketako geldialdi batean, igarotzen den minutu bakoitzeko, suspertzeko aukerak % 10 eta % 20 artean murrizten dira. Ezinbestekoa da ahalik eta herritar gehien trebatzea larrialdi-zerbitzuak iritsi arte biziraupen-kate horren lehen kate-maila izan daitezen. Bizitza arriskuan dagoen egoera baten aurrean esku hartzeari beldurra galdu behar zaio, eta horretarako gakoa prestakuntza da”, azaldu du ICOMAko Prestakuntzako arduradunak, Maria Jesus Serna doktoreak.
Gasteizko `Bihotzaren Hamabostaldi’ honekin, 1.300 pertsona baino gehiago izango dira azken urteotan helduetan, haurretan nahiz bularreko haurtxoetan bihotz-biriketako geldialdiak eta arnasbideen buxadurak hautematen, eta bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak erabiltzen, desfibriladoreak erabiltzen eta arnasbideko buxadurak kentzeko teknikak erabiltzen prestakuntza jaso dutenak.
Interesa dutenek Udalaren webgunean edo presentzialki eman dezakete izena, Done Jakue hiribidea, 7 behean dagoen Mediku Elkargoaren egoitzan.
Ikastaroen datak eta ordutegiak
Bihotzaren Hamabostaldia – BihotzAraba 2025
o Asteartea, urriak 21. Goizeko ikastaroa. Ordutegia: 09:30 – 12:30 o Asteartea, urriak 21. Arratsaldeko ikastaroa. Ordutegia: 16:00 – 19:00 o Asteazkena, urriak 22. Goizeko ikastaroa. Ordutegia: 09:30 – 12:30 o Asteazkena, urriak 22. Arratsaldeko ikastaroa. Ordutegia: 16:00 – 19:00 o Osteguna, urriak 23. Goizeko ikastaroa. Ordutegia: 09:30 – 12:30 o Osteguna, urriak 23. Arratsaldeko ikastaroa. Ordutegia: 16:00 – 19:00 o Astelehena, urriak 27. Goizeko ikastaroa. Ordutegia: 09:30 – 12:30 o Astelehena, urriak 27. Arratsaldeko ikastaroa. Ordutegia: 16:00 – 19:00 o Osteguna, urriak 30. Arratsaldeko ikastaroa. Ordutegia: 16:00 – 19:00 o Ostirala, urriak 31. Goizeko ikastaroa. Ordutegia: 09:30 – 12:30 |
Zalantzak eta kontsultak helbide elektroniko honetara bidal daitezke: cursos@icoma.eus