Ariznabarrak berdegune berria izango du hondar eremu zaharraren espazioan

- Lanak urriaren amaieran hasiko dituzte, eta Auzoen Planean sartuta dago eta Gazteluen Auzoa auzo-elkartearekin adostu dute
Hilabete honen amaieran, Ariznabarrako garai bateko hondar eremua hobetzeko eta egokitzeko obrak hasiko dituzte. Udalaren jarduketa horri esker, espazio hori lorategi eremu bihurtu eta egun dagoen lorategia handitu ahal izango da. Esku-hartze horren bidez, Gazteluen Auzoa auzo-elkarteak egindako eskaerari erantzuna emango zaio. Izan ere, erabiltzen ez den eta egoera txarrean dagoen gune hori duintzea eskatzen zuen.
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren zinegotziak adierazi duenez, “garai bateko hondar eremua edo hareatza degradatutako toki bihurtu zen eta ez zuen erabilera egokirik. Hori zela eta, bizilagunek bertan esku hartzea eskatu zuten ingurunea berreskuratzeko eta parkeko gainerako tokiekiko koherenteagoa eta duinagoa zen itxura emateko”.
2025eko otsailaren 3an auzo-elkartearekin egindako azken bileran, Udalak Auzoen Planaren barruan auzo horretarako aurrez ikusitako esku-hartzeak aurkeztu zituen. Bertan sartuta zegoen konpromiso hau. Proiektuaren arabera, hondar eremu osoa berdegune bihurtuko da, ondoko parterrearen diseinuari jarraituz, bi espazioak integratzeko eta haien funtzionaltasuna eta estetika hobetzeko.
Obrak 43.000 euroko aurrekontua du eta dagoeneko esleituta dago. Hori dela eta, urriaren amaieran hasiko dela aurrez ikusi da.
“Jarduketa honen bidez, herritarrek behin eta berriz egindako eskaera beteko dugu, eta Ariznabarrako espazio publikoaren kalitatea hobetzen lagunduko dugu”, nabarmendu du Artolazabalek.