BIZANek eta Maitekik hilaren 20an ekingo diete berriro ongizate emozionala sustatzeko mikrohitzaldiei
- Topaketak 8 BIZAN zentrotan egingo dira, eta hamabostero gai desberdin bat jorratuko dute
BIZAN adinekoen sareak eta Maiteki familia zaintzaileei laguntzeko udal-programak datorren astelehenetik, hilaren 20tik, aurrera ekingo diete berriro hiru ordu laurdenetan adinekoen eta zaintzaileen ongizate emozionala sustatzen duten alderdiak lantzen dituzten mikrohitzaldiei. Topaketak 8 BIZAN zentrotan egingo dira, eta hamabostaldi bakoitzean gai bat jorratuko dute.
Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziak azaldu duenez, “hitzaldi horiek, formatu arin eta erosoan, beste pertsona batzuk zaintzen eta beren burua zaintzen irakasten dute. Adituek eguneroko bizitzari aurre egiteko, gako batzuk ikasteko eta alternatibei buruzko ideiak partekatzeko modu berrietan gidatuko dute, hobeto sentitzeko eta ongizate emozionala zaintzeko”.
Hurrengo bi asteetan landuko den gaia “Esker ona adieraztearen (eta jasotzearen) onurak” izango da. Gai hori aukeratzeko arrazoia honako hau da: “eskerrak ematea erraza dirudi, baina batzuetan kosta egiten da zerbait gustatzen zaigula esatea edo erakustea; beste batzuetan lotsa ematen digu eta ez dugu jakiten nola erantzun guri eskerrak ematen dizkigutenean. Esker ona ikasi eta entrenatu egin daiteke”.
Azaroko lehen hamabostaldian, “Batzuetan ona da gaizki egotea” gaia izango dute hizpide. Hitzaldiaren ardatza beti aldarte onean eta jarrera onarekin egotea ezinezkoa dela izango da. “Bizitza zail jartzen denean, beharrezkoa da une horretako emozioa bizitzeko eta hori erakusteko baimena ematea geure buruari”, adierazi dute zikloa antolatzen dutenek.
Hurrengo hitzorduan honako hau izango da leit motiva: “Doako 9 plazer, Black Friday egunean erosi ezinekoak”. Kasu horretan, dirurik gastatu gabe asko goza daitekeela aipatuko da, eta horri buruzko ideia batzuk emango dira. Gainera, bertaratzen direnen ideiak ere jasoko dira.
Hiruhilekoko programazioari amaiera emateko, eta urte amaieratik gertu, “Gabonak familia giroan: nola bizirik atera?” izango da hitzaldi laburraren gaia. Helburua familiarekin eta lagunekin egiten ditugun topaketez eta Gabonetako jaien inguruko giroaz gehiago gozatzea izango da.
Hitzaldiak Herrandarrak, Koroatzea, Landazuri, Arana, Abetxuku, San Kristobal, Txagorritxu eta Santsomendi BIZAN zentroetan egingo dira, eta zentro batzuetan 17:00etan hasiko dira eta beste batzuetan 18:00etan. Sarrera librea da tokia bete arte.

