BioArabaren hamargarren edizioa egingo da Gasteizen azaroaren 21etik 23ra bitartean

- Ekoizpen ekologikoarekin, bizitza osasuntsuarekin eta kontsumo arduratsuarekin lotutako 75 erakusketari izango dira Iradier Arenan
Iradier Arenan, azaroaren 21etik 23ra bitartean, Espainiako iparraldean egiten den azoka agroekologiko handienetako bat, BioAraba, egingo da. Hamargarren edizioa izango da.
Ekoizpen ekologikoari, bizitza osasuntsuari eta kontsumo arduratsuari lotutako 75 erakusketari inguruk erakutsiko dituzte egun horietan bizimodu osasungarriagoa eta ingurumena errespetatzen duena izateko azken berritasunak.
“Aurten ere BioAraba babestuko dugu produktu jasangarrien alde egiten duen apustua dela eta, Europako 2030 Agendak ezarritakoaren arabera. Kontsumitzeko modua aldatzen ari da, eta gero eta gehiago izaten ditugu kontuan ingurumena errespetatzen duten enpresen proposamenak. Kalitatea da azoka honen beste erakargarritasunetako bat. BioAraba Vitoria-Gasteizko agendan sendotuta dagoen ekitaldia da eta hilabete barru iritsiko da gure hirira”, adierazi du Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi María Nanclaresek
Azokak 15.000 bisita baino gehiago izan zituen azken edizioan, eta ekoizleen, merkatarien, banatzaileen, bisitari profesionalen, erakundeen, elkarteen eta produktu ekologikoen kontsumitzaileen arteko topagunea izango da. Ekitaldia publiko guztientzat zabalik egongo da azaroaren 21eko, ostiraleko, 11:00etatik aurrera.
BioArabak elikagai osasungarriak (produktu guztiek dituzte ziurtagiri ekologikoko zigiluak), ehungintzakoak eta kosmetikakoak eskainiko ditu, baina bidezko merkataritzako produktuak eta berriztagarriekin eta kontsumo arduratsuarekin lotutako beste zerbitzu batzuk ere izango dira. Aurreko edizioetan bezala, Vital Fundazioak Arabako ekoizle agroekologikoen parte-hartzea diruz lagunduko du, haien jarduerari balioa emateko.
X. BioAraba Azokaren babesleak dira hauek: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Bestalde, ekimenaren laguntzaileak dira hauek: Vital Fundazioa, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Ekolurra, eta Artepan, Mamia eta Mi Herbolario enpresak, eta ‘Bioeco Actual ’ eta ’ Bueno y Vegano’ argitalpenak.