Arriagak jarduera-zikloa antolatu du zahartzeari, hiltze-prozesuari eta doluari aurre egiteko jarraibideekin
- Programa urrian eta azaroan egingo da gizarte-etxean, osasun-zentroan eta BIZANen
Miren Fernandez de Landaren adierazpenak
Nola aurre egin zahartzeari, hiltze-prozesuari eta doluari. Hori da gizarte-etxean, osasun-zentroan eta BIZAN Arriagan urrian eta azaroan egingo diren jardueren zikloaren ardatza. Programaren zati handiena hitzaldiek osatuko dute, baina kafe-solasaldiak, antzerkia eta zineforumak ere antolatu dira. “Formatu eta leku guztiek balio dute egoera animikoa ezagutzen laguntzeko eta erronka emozional eta psikologiko handia sortzen duen bizitzako etapa horretara egokitzeko. Pertsona bakoitzak desberdin bizitzen ditu zahartzea, heriotza eta dolua. Jarduera horiek lagungarriak izango dira emozioak modu osasungarrian prozesatzen laguntzeko”, azaldu du Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak.
Udala, Osakidetza, Cáritas eta Kalimba musika-elkartea partaide diren Arriagako sare soziokomunitarioak hitzaldi batzuk antolatu ditu azaroaren 21era arte. Zikloaren leloa “Zahartzearen balioa, askatzearen mina eta jarraitzearen indarra” da, eta atzo hasi zen heriotzari buruzko kafe-solasaldiarekin, Vivir con luz propia elkarteak dinamizatuta.
Hurrengo hitzordua ostegunean, hilaren 16an, izango da, doluari buruzko hitzaldarekin, Maiteki udal-programako María Luisa Martín psikologoaren eskutik. Hilaren 21ean, Belén Martínezek, IPACEko psikologoak, dinamizatutako hitzaldia izango da bereziki gurasoei zuzenduta, seme-alabekin heriotzari buruz hitz egiteko moduari buruz. Hilaren amaieran, hilaren 30ean, Ana Rosa Fradek eta Conchita Mendozak, SECOTeko seniorrek, Euskadiko testamentuei eta herentziei buruzko hitzaldia emango dute.
Azaroan beste zazpi hitzordu izango dira. Lehenengoa gurasoei zuzendutako hitzaldia izango da, eta haurren doluaren kasuan nola lagundu landuko dute. Solasaldi hori ere Belén Martínezek eskainiko du. Azaroaren 9an, antzerkia izango da protagonista, Teatracho taldeak “Queda prohibido el suicidio en primavera” taularatuko baitu. Hilaren 11n, eutanasia izango dute hizpide SECOTeko Juan Ignacio Urresola, Jesús M. Bermejo eta Aurelio Aliaren eskutik. Aurretiazko borondateei buruz hitz egingo dute hurrengo egunean, Iñaki Saralegiren, Medikuntza Aringarriaren Zerbitzuko medikuaren, gidaritzapean. Bestalde, azaroaren 13an, suizidioa izango da landuko den gaia Edurne Ruiz de Agirreren, ASAFESeko psikologoaren, eskutik.
Azken bi topaketak azaroaren 17an eta 21ean izango dira. Azaroaren 17an, Cristina Pérez coach emozionalak zahartze zoriontsua izateko gako batzuk emango ditu. Eta zikloari amaiera emateko, zineforuma iritsiko da. “El último suspiro” filma proiektatuko da, eta, ondoren, eztabaidari ekingo zaio, Belén Álvarez kazetariaren eskutik.
Hitzordu guztietarako izen-ematea zabalik dago eta online egin daiteke Udalaren webgunean edo edozein BIZAN, gizarte-etxe edo Udalaren kirol-instalaziotan. Jarduera guztiak doakoak dira, antzerki-emanaldia izan ezik, sarrerak 1 euroko balioa izango baitu.