Arabako unibertsitate-campusak Gasteizko ‘Kerik Gabeko Guneak’ ekimenarekin bat egin du
- Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, EHUko Arabako Campusarekin eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearekin lankidetzan, gune horretan erretzea eta bapeatzea saihesteko ekimen hau bultzatu du
- Kokaleku hori hiriko kerik gabeko beste batzuei gehitu zaie, hala nola gizarte-etxeei, autobus-geltokiari, San Martingo Udal Bulego Teknikoei, Mendizorrotzako eta Gamarrako kirolguneei eta TUVISAren eta BEI markesinei
Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campusa lehen unibertsitate eremua izan da Kerik Gabeko Guneen Sarearekin bat egiten. Sarea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2021ean sortu zuen, Euskadiko foru-aldundiekin eta udalekin lankidetzan. Aurrerapen hori Osasun Sailak, EHUko Arabako Campusak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak elkarrekin egindako lanari esker egin da.
Erakunde horietako ordezkariek gaur aurkeztu dute, campusean bertan emandako prentsaurreko batean, elkarrekin prestatu duten sentsibilizazio-kanpaina, eta, hedapenerako beste elementu batzuen artean, horma-irudi handi bat du, ekimen honen helburua honela laburbiltzen duena: ‘Campusean, kerik gabe hobeto. Izan gaitezen eredu’. Horrez gain, Minbiziaren Aurkako Elkarteak informazio-mahaiak jarriko ditu fakultate batzuetan hainbat hilabetez eta egun desberdinetan.
Ekitaldian, Ana López de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Ixone Fernández de Labastida EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak eta Gorka Orive Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteordeak parte hartu dute.
López de Uraldek nabarmendu duenez, “Gasteizko Udalak, Udal Osasun Zerbitzuaren bidez, aurrera jarraitzen du kerik eta bapeagailurik gabeko espazio publikoak mantentzearen garrantziari buruz herritarrak kontzientziatzen eta sentsibilizatzen. Gure helburua hiri osasuntsuagoa eraikitzen jarraitzea da, tabakoarekiko esposizio pasiboa murriztuz, bereziki adingabeen eta pertsona zaurgarrien artean, kontsumitzen hasteko adina atzeratuz eta tabakismoarekin lotutako gaixotasunen prebentzioan lagunduz”.
2022tik, Euskadiko hiriburua Kerik Gabeko Espazioen Sarearen parte da. Hiru urte hauetan, Gasteizko Udalak tabakoaren kontsumoa toki hauetan eta inguruan mugatzea gomendatu du: gizarte-etxeak, autobus-geltokia, San Martingo udal-bulegoak, Mendizorrotzako eta Gamarrako kirolguneak eta TUVISAren eta BEIren 372 markesinak.
Kerik Gabeko Espazioen Sarea
Ekimen hori 2021ean jarri zen abian, tabakoa eta haren deribatuak (hala nola bapeagailuak) kontsumitzen hastea prebenitzeko, beste batzuen kearen edo aerosolaren eraginpean egotea eragozteko (batez ere adingabeen kasuan), eta zigarrokinek eta tabakoarekin lotutako produktuen beste hondakin batzuek eragindako kutsadura saihesteko.
‘Kerik gabeko Euskadi’ estrategiaren barruan, sare hori duela 4 urte hasi zen Euskadiko 9 hondartzatan. Harrezkero, urtero gehitu ditu atxikimendu berriak, eta gaur egun kerik gabeko 700 gune baino gehiago eta 70 udalerri inguru daude Euskadin. Horrela, leku askotara zabaldu da: 398 autobus- edo tren-geltoki, 123 parke eta plaza, 96 ikastetxetako inguruak, 49 osasun-zentrotako eremuak, 32 hondartza edo igerileku, terrazak, udal-bulegoak, egoitzak eta abar.
Gaur EHUren Arabako campusa sarean sartzeak beste bultzada bat ematen dio tabakismoa prebenitzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko programak sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzaren estrategiari. Aipatutako estrategiak hezkuntza, osasun, komunitate eta ingurumen arloak bateratzen ditu.
Bere hitzaldian, Osasuneko sailburu Alberto Martínez pozik agertu da “Kerik Gabeko Guneen Sareak horren epe laburrean izan duen hazkunde kuantitatibo eta kualitatibo handia” dela eta. Izan ere, “tabakismoaren inguruan aldaketa kulturalaren termometroa dela esan dezakegu”. Ildo horretan, Euskadin tabakoaren kontsumoak 2010etik izan duen pixkanakako beherakada gogorarazi du. Izan ere, bere hitzetan, Osasun Sailak 2023an egindako Euskadiko Adikzioei buruzko Inkestaren datuen arabera, urte horretan egiaztatu zen tabako-kontsumitzaileen proportzioa serie historiko osoan ikusitako baxuena izan zen.
Hala ere, Martínezek bere kezka azpimarratu du produktu ez-konbentzionalak gero eta gehiago kontsumitzen direlako, “kaltegabe gisa iragartzen direnak, baina osasunerako arrisku larriak dakartzatenak. Izan ere, nabarmen zabaltzen ari dira gazteen artean eta erretzeko ohitura hartzeko atea izan daitezke askotan”. Lehen aipatutako adikzioei buruzko inkesta berak erakusten du joera horrek garrantzi berezia duela 15 eta 35 urte bitarteko gazteen artean, zigarro elektronikoen kontsumoaren prebalentzia % 34koa baita batez beste.
Osasun Sailak 2027ra arte indarrean egongo den Adikzioen VIII. Euskadiko Plana garatzen dihardu eremu horretan. Plan horretan, adingabeek tabakoa kontsumitzeko duten erraztasuna murrizteko neurriak eta haien kontsumoa ez normalizatzera bideratutako ekintzak jasotzen dira, bereziki nerabeen eta gazteen artean. Gailu elektronikoen inguruko kanpaina espezifikoak egiteaz gain (iaz “Lurruna ez da zure broa: bizitza suntsitzen dizu” lelopean hasitakoa, adibidez), bakeagailuak erabiltzeak osasunean dituen arrisku larriez ohartarazi nahi da. Era berean, Osakidetzak hamarkada bat baino gehiago darama tabakoaren mendekotasuna gainditzeko ikastaroak ematen, eta 65.000 pertsonari baino gehiagori eman die arreta. Iaz, 12.062 pertsonak utzi zuten tabakoa ikastaro horiei esker.




