Alkatea pozik agertu da Datoko geltoki berriaren proiektuaren idazketa enkargatu dutelako eta “abiadura handira bidean aurrerapauso erabakigarria” delako
- Adif AVk 7,9 milioi euro inbertituko ditu trenbidea integratzeko obren lehen fasearen definizioan
Vitoria-Gasteizko alkatea pozik agertu da Datoko tren-geltoki berria eraikitzeko proiektuaren enkargua iragarri dutelako gaur. Lan horietarako inbertsioa 7,9 milioi eurokoa izango da. Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak iragarri duenez, “obren lehen fase horri esker, abiadura handia Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburura iritsiko da”, eta, horrez gain, Datoko egungo geltokia berritu ahal izango da. “Abiadura handirako urrats erabakigarria da, gure hiria eraldatuko duen eta Euskadin mugikortasunerako puntu estrategiko gisa dugun zeregina indartzen lagunduko digun eta milaka erabiltzaileren bizitza erraztu eta hobetuko duen proiektua”, azpimarratu du alkateak.
Proiektuaren barruan sartzen da geltokia handitzea eta modernizatzea, neurri handiko ataria eraikitzea lurpean, bidaiarientzako zerbitzu-espazio berriak egitea, 500 metroko markesinadun nasak eraikitzea, eta Gasteizko erdigunea unibertsitate-campusarekin lotuko duen azpiko pasabide berria egitea, hiri-integrazioa eta irisgarritasuna hobetzeko.
Gainera, trenbideen lautadan, instalazioetan eta sarbideetan jarduerak egingo dituzte, geltokia Arabako hiriburuaren tamaina eta garrantzia duen hiri bati dagozkion kalitate-estandarretara egokitzeko.
Enkargu hau bat dator Garraio Ministerioak eta Adif AVk ekainean hartutako konpromisoarekin, eta funtsezko mugarria da etorkizuneko Gasteiz – Bilbo – Donostia abiadura handiko linearako. Linea horrek Gasteiz inguruko hiri nagusiekin eta herrialdeko gainerako abiadura handiko sarearekin lotuko du. “Abiadura handia bultzada ekonomikoa, soziala eta urbanistikoa izango da Gasteizentzat. Gaur urrats sendoa eman dugu etorkizun horretara bidean”, esan du alkateak.