Noticias del País Vasco

Afrikaldia jaialdiak hamabi lan zinematografiko eskainiko ditu Gasteizen urriaren 28tik azaroaren 4ra bitarte

  • 18 saiotan eskainiko dira; hamabi gaztelaniaz, eta sei euskarazko azpitituluekin 
  • Bosgarren edizioak 14 jarduera paralelo izango ditu eta omenaldia egingo dio Souleymane Cissé Maliko zinema-zuzendari zenari

 

Programa-EUS-

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren, Afrikaldiaren, bosgarren edizioa Vitoria-Gasteizen egingo da urriaren 28tik azaroaren 4ra bitarte. Bertan, hamabi lan zinematografiko eta hamalau jarduera eskainiko dituzte. Hitzordua Kultura Bendera eta Africanista Manuel Iradier elkarteek antolatu dute eta Arabako hiriburuan bizi diren afrikarren hamasei kolektibok hartuko dute parte. Ekimenak Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Fundazioaren laguntza jaso du.

Gaur goizean aurkeztu dituzte aurtengo edizioaren xehetasunak prentsaurreko bidez eta bertan izan dira honako hauek: Garapenerako Lankidetza zinegotzia, Ana López de Uralde; Vital Fundazioko zuzendaria, Arantxa Ibáñez de Opacua; eta jaialdiaren zuzendariak, Itziar Inza Moraza eta Aurélien Christian Manga.

López de Uraldek nabarmendu duenez, “Afrikaldia zinema-jaialdia baino askoz gehiago da; kulturen arteko zubia da, Afrika kontinenteko errealitateei eta ahotsei irekitako leihoa. Udalak berretsi egiten du lankidetzarekin eta aniztasunarekin dugun konpromisoa, eraldaketarako eta elkar ulertzeko funtsezko eragileak baitira. Ekimen honek, bertako proiekzioen bidez, Afrikako produkzio zinematografikoa ezagutzeko eta baloratzeko aukera ematen digu”. 

Ikus-entzunezko hamabi lanak estreinaldi absolutuak (erdia Estatu mailan, eta beste erdia Euskadi mailan) izango dira eta honela banatuko dira: fikziozko sei film eta sei dokumental. 18 saiotan eskainiko dira: haietako hamabi gaztelaniaz, Florida zinema-aretoetan eta euskarazko azpitituluak dituzten sei lanak Izaskun Arrue Kulturgunean (lehen aldiz egingo du ekimenarekin bat) izango dira ikusgai.

Jaialdia egingo den astean zehar, nazioarteko hamabi gonbidatuk (diasporako zuzendariak, ekoizleak eta artistak, besteak beste) antolatutako jardueretan parte hartu eta ikusleekin hitz egingo dute. Guztira, hogei bat herrialde egongo dira ordezkatuta film horien ekoizpenean. Filmek sari eta aitortza ugari jaso dituzte kritikaren eta publikoaren eskutik, eta nazioarteko jaialdi askotan.

Artium Museoak bat egingo du aurten jaialdiarekin eta Afrikako zinemari buruzko ikastaroa hartuko du. Zinema-industriako profesionalei zuzendutako jarduerak Europa Biltzar Jauregian egingo dira, eta gazteentzako eta haurrentzako tailerrak, berriz, EHUren Arabako Unibertsitate Campusean, Mendizabala Institutuan, Arte eta Lanbide Eskolan eta IDarten.

Inaugurazio-ekitaldia urriaren 28an, asteartean, egingo da Europa Biltzar Jauregian, eta Sambou Diaby Senegalgo sustraiak dituen euskal aktoreak zuzenduko du. Ekitaldian, bertaratutakoek ‘As Aventuras do Angoast’ filma ikusteko aukera izango dute. Bertan izango dira, gainera, filmaren zuzendariak, Resem Verkron eta Marc Serena. Gainera, joan den otsailean hil zen Souleymane Cissé Maliko zinema-zuzendari ospetsuari omenaldia egingo diote. Itxiera-ekitaldia azaroaren 4an egingo da, asteartean, eta epaimahaiaren, publikoaren eta soinu-banda onenaren sariak banatuko dituzte.

Informazio gehiago

Share

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies