Udalak 320.000 euro bideratuko ditu saharar errefuxiatuentzako lankidetzako eta laguntza humanitarioko programetara
Tokiko Gobernu Batzordeak Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteari (SAED) dirulaguntza izenduna ematea erabaki du. Dirulaguntza horren bidez, Garapenerako Lankidetzarako Udal Zerbitzuak 320.000 euro emango ditu saharar errefuxiatuentzako lankidetzako eta laguntza humanitarioko programak garatzeko. Akordioa 2026ko martxoaren 31ra arte egongo da indarrean.
Dirulaguntza izendun horren bidez, errefuxiatuei zuzendutako laguntza humanitarioa emateko eta garapenerako hezkuntzako eta sentsibilizazioko ekintzak eta proiektuak babesteko konpromisoa hartuko du Udalak bere gain. Horri esker, garapen-bidean dauden herrialdeetako errealitatea gerturatzea, mundu mailako desberdintasunen gaineko hausnarketa kritikoa sustatzea eta herritarrak munduko justiziaren alde aktibatzea lortu nahi da.
Akordioaren bidez, Saharako errefuxiatuen elikadura- eta nutrizio-segurtasuna bermatzen duten proiektuak babestuko dira, proteinen, mineralen eta bitaminen bidez nutrizioa indartuz. Era berean, genero-ikuspegia barne hartzen duten gazteri arloko politikak bultzatzea eta emakume sahararrak ahalduntzea aurreikusten du, Saharako Emakumeen Batasun Nazionala (UNMS) antolatuz, emakumeak Saharako gizartean betetzen duen zeregina ikusarazteko eta indartzeko.
Prestazio hori Vitoria-Gasteizko Udalak eta Arabako SAEDek Saharako herriarekiko lankidetza eta elkartasunerako 2024-2027 aldirako sinatutako jarduera-protokolo orokorraren barruan kokatzen da.