Gasteizek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko du, zahartzeko modu ugariei eta estereotipoak hausteko beharrari balioa emanez
- Urriaren 1ean, asteazkenean, Florida parkean hainbat ekintza izango dira; tartean, aldarrikapen-manifestu bat irakurriko dute
BIZAN sareak aurten Adinekoen Nazioarteko Eguna zahartzeko modu desberdinei eta estereotipoak hausteko beharrari balioa emanez ospatzea erabaki du. Helburu horrekin, urriaren 1ean, asteazkenean, kirola, argazki-erakusketa, aldarrikapen-manifestu baten irakurketa eta kontzertua egingo dira Florida parkean. Ekitaldia herritar guztientzat zabalik dago.
Adinekoen Nazioarteko Eguna Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatu zuen 1990ean, eta aurten 35. urteurrena ospatuko da. Oraingo honetan, adinekoen kolektiboaren barruan dagoen aniztasuna azpimarratu nahi izan da. “Adinekoak gure gizartearen zati oso aktiboa dira. Gure helburua da adinari lotutako estereotipoak eta rol eta profil jakin batzuk haustea. Horregatik, jarduera horiek helburu hori lortzeko aletxo bat dira, eta Gizarte Politiken Sailean horren inguruan lanean jarraituko dugu”, adierazi du Lucho Royero zinegotziak.
Izan ere, Gizarte Politiken Udal Saileko Adinekoen Zerbitzuak hainbat programa bideratzen ditu helburu hauekin lotuta:
- Adineko pertsonak komunitatean ikusaraztea.
- Adinekoen parte-hartze aktiboari, autonomiari eta independentziari balioa ematea.
- Adinari lotutako estereotipoak haustea eta gizartea adinkeriaren inguruan sentsibilizatzea.
- Belaunaldien arteko eta kulturen arteko espazioak sortzea.
- Adinekoen kolektiboan dagoen aniztasuna aldarrikatzea.
Jardueren programa
Sansomendiko osasun-parketik, Zaramagatik eta BIZAN Aranatik hasita oinez egingo diren hiru ibilaldirekin ekingo zaio urriaren 1eko jardueren programari. Florida parkean, gimnasia-saioa egingo da. Ondoren, “Aniztasunaren artea” erakusketa aurkeztuko da.
Erakusketak adineko pertsonak protagonista dituzten artelan ospetsuak birsortzen ditu. Irudiek kolektiboaren aniztasuna islatzen dute: adin, kultura, gaitasun, sexu-orientazio eta genero-identitate desberdinak.
Ondoren, adineko pertsonek BIZAN sareko adinekoek eta dibertsitate funtzionalarekin lan egiten duten elkarteek egindako manifestua irakurriko dute. Hausnarketarako eta aldarrikapenerako garaia izango da. ‘Joselu Anayak’ taldearen kontzertuak amaiera emango die BIZAN sareak ospakizun-egun honetarako prestatutako jarduerei.
Egitaraua (PDF)