Lehendakariak emakume musulmanen eta ijitoen ahalduntzea bultzatzen duten bi elkarteri eman die Emakunde Saria
- IMME, Emakume musulmanen integraziorako elkartea eta AMUGE, Emakume ijitoen sustapenerako eta ahalduntzerako elkarteek jaso dute saria
- Emakundeko zuzendariak sariak aurten erakutsi duen begirada intersekzionala nabarmendu du, Berdintasunerako Legearekin eta Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin bat etorriz
Imanol Pradales Lehendakariak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariarekin batera, Berdintasunerako Emakunde Saria eman die gaur arratsaldean IMME, Emakume musulmanen integraziorako elkarteari, eta AMUGE, Emakume ijitoen sustapenerako eta ahalduntzerako elkarteari, emakume ijitoek eta emakume musulmanek bizi dituzten askotariko diskriminazio-moduak ikusarazteagatik eta hauek artatzeagatik.
Saria AMUGEko kide den Tamara Claveríak eta IMMEko kide den Djamila Zereibek jaso dute, Lehendakariaren eskutik. Lehendakariak baloratu du elkarteek komunitatea sortzeko egiten duten ekarpena, batez ere, kasu askotan gizartearen bazterretan geratzen diren emakumeekin lan eginez. «Berdintasun eza moteltzen duen sare sozial bat eskaintzen diezue, baita emakumeen ahotsa entzunarazteko tresna ere bazarete», nabarmendu du.
Imanol Pradalesek berdintasun-politikak garatzeko mugarri erabakigarriak gogoratu ditu: Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena eta Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legea onartu zeneko 20. Urteurrena, hain zuzen ere. «Beijingetik hasi eta Berdintasunerako Lege berritutik eta 2030erako Berdintasunerako Estrategiaraino, emakumeen ahalduntzea gure politiken funtsezko ardatza da. Badakigu, urrats hori gabe, ez dagoela berdintasun posiblerik. Ezta gizonen konpromiso sendorik gabe ere, erronka horrek guztioi eragiten digulako «. Lehendakariak eskerrak eman dizkie saritutako bi elkarteei «emakume askori bizitza hobetzen laguntzeagatik».
Emakundeko zuzendariak EAEko Berdintasunerako Legea ere izan du hizpide. Lege horren printzipio orokorren artean, intersekzionalitatea esku-hartze publikoaren ikuspegi inspiratzaile gisa jasotzen da. «AMUGEk eta IMMEk izaera kolektiboa eta begirada intersekzionala dute, emakumeek bizi dituzten ahultasun anitzak deskribatzeko hain beharrezkoa dena. Bi elkarteek argi eta garbi erakusten digute emakumeak ezin garela kategoria homogeneo batean sartu «.
Miren Elgarrestak bi elkarteek rolak eta estereotipoak alde batera uzteko egiten duten lana nabarmendu du: «Emakundetik zuen lana eskertzen dugu, gure gizartean oraindik dauden estereotipo eta aurreiritzien ondorioz baldintzatuta eta mugatuta dauden emakumeei laguntza ematen diezuelako».
AMUGE
Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkartea kolektibo aitzindaria da ikuspegi feminista eta independente bateranzko bilakaera-prozesu bat gauzatzen, gizonen tutoretzatik aldenduz. Epaimahaiak elkarteak emakume ijitoen eskubideak defendatzeko eta sustatzeko egiten duten lana azpimarratu du, «ijitoen feminismo dialogikoaren» ikuspegitik, non antigitanismoaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokak bat egiten duten.
Epaimahaiak, bereziki, ahalduntzeko, osasunerako eta generoari buruzko prestakuntzarako programekin eta diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako lanarekin lortu duten eragin esanguratsua azpimarratu du. «Tu voz cuenta» ahalduntze-eskolak, gizon ijitoentzako maskulinitate berrien proiektua, emakume ijitoen historiari buruzko ikerketak edo «Nos persiguen» bezalako argitalpenen bidez espazio publikoetan jasaten duten kriminalizazioa ikusaraztea dira haien ekimenetako batzuk.
IMME
Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkartearen lanak emakumeen ahalduntze ekonomikoan du eragina batez ere, lan-trebetasunetan gaitzen baititu. Hezkuntza-programek haien prestakuntzarako eta alfabetatzeko aukera areagotu dute, eta emakume askoren eta haien familien etorkizunerako aukerak hobetu dituzte.
Elkarteak emakume musulmanei ahotsa emateko lan egin du, haien eskubideak defendituz eta beren komunitateetan erabakiak hartzeko garaian haien parte-hartzea sustatuz. Genero-indarkeriari buruzko sentsibilizazioan oinarritutako proiektuak nabarmentzen dira, emakumeei baliabideak eta laguntza emanez, eta erabakiak hartzeko prozesuetan emakume musulmanen ahotsak aintzat hartuko dituzten politiken formulazioan eraginez.